Habeas corpus
Habeas corpus "gorputza izan dezazun" edo "zure gorputzaren jabe izan zaitez" esan nahi duen latinezko esapidea da (osorik, habeas corpus ad subjiciendum et recipiendum) eta 1679an Ingalaterrako Parlamentuak aldarrikatu zuen lege bati izena ematen diona. Gizabanakoen askatasunaren bermetzat ezarri zen lege horren arabera, atxilotua ahalik eta lasterren epailearen aurrean jartzera behartzen dira agintariak; gaur egun, eskubide hori gizakiaren oinarrizko eskubidetzat jotzen da.
Historia Espainian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pertsonen manifestazioa Aragoiko Justiziaren prerrogatiba bat izan zen, epaileari edo beste agintari bati espetxeratutako pertsona baten azaldura hots, manifestazioa, erreklamatu ahal izatea, torturatua izan ez zedin, Aragoiko Erresumako Foruek debekatutako praktika judiziala (1428). Pertsonen manifestazioa Ingalaterrako Erresumako habeas corpusa baino lehenagokoa da, harekin antzekotasun handia baitu. 1837, 1869 eta 1876ko Konstituzioetan jasota zegoen.
1526ko Bizkaiko Foruan jasotako ustezko legez kanpoko atxiloketei buruzko erreferentzietan perrogatiba hau ere agertzen zen[1].
Espainian arauketa gaur egun
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaur egun Espainiako 1978ko Konstituzioan araututa dago, 17.4. artikuluan, hona dio: «Legeak «habeas corpus» prozedura bat arautuko du, berehala jartzeko epailearen esku legearen kontra atxilotutako pertsona oro. Legeak ezarriko du, orobat, behin-behineko espetxealdiak gehienez zenbat iraungo duen.»[2]
Gaur egun, maiatzaren 24ko 6/1984 Lege Organikoa, Habeas Corpus Prozedura Arautzekoa legeak arautzen du habeas corpus prozedura Espainiako ordenamendu juridikoan. Lege organiko horrek garatzen du atxilotuta edo askatasunaz gabetuta dagoen orori berehala epailearen esku jartzeko eskatzen dion konstituzio-bermea. Maiatzaren 24ko 6/1984 Lege Organikoaren 1. artikuluaren arabera, legez kanpo atxilotutako pertsonak dira:
- Agintari, agintaritzaren agente, funtzionario publiko edo partikular batek emandakoak, legezko kasuak gertatu gabe, edo legeek ezarritako formalitateak eta betekizunak bete gabe.
- Edozein establezimendu edo tokitan legez kontra sartuta daudenak.
- Legeetan adierazitakoa baino epe luzeagorako gordeta daudenak, baldin eta epe hori igarota aske uzten ez badira edo atxiloketa-tokitik hurbilen dagoen epaileari ematen ez bazaizkio.
- Konstituzioak eta lege prozesalek atxilotutako pertsona orori bermatzen dizkioten eskubideak errespetatzen ez zaizkien askatasunaz gabetzea.
Lege horren 3. artikuluak prozedura eskatzeko legitimatuta daudenak zehazten ditu:
- Atxilotua, haren ezkontidea, ondorengoak, aurrekoak eta anai-arrebak.
- Herriaren defendatzailea.
- Ministerio Fiskalak.
- Instrukzio-epaile eskudunak ofizioz has dezake prozesua (hasi baino ez).
Atxilo dagoen tokiko guardiako instrukzio-epaitegian egin behar da eskaera, non atxilotu duten edo non dagoen azken aldiz jakin den. Epaile eskudunak ebazpen egokiak emango ditu askatasunaz gabetutako pertsonaren egoeraz berehala arduratzeko, eta, horretarako, behar den informazio guztia bilduko du atxilotuaren zaintzapeko agintariarengandik. Prozedura auto bidez hastea erabaki eta 24 orduko epean, epaileak entzun egingo die bai askatasunaz gabetuta dagoenari, bai Fiskaltzari, bai atxiloketa agindu zuenari eta horren zaintzaren arduradunari, askatasunaz gabetzearen legezkotasunari edo legezkontrakotasunari buruz bidezkoa dena ebatziz eta, kasu bakoitzean, atxilotuak atxiloketarekin jarraitzeko edo berehala aske uzteko aginduz[3].
Espainiako Konstituzio Auzitegiaren hainbat sententzietatik aterata, atxilotuaren abokatuak habeas corpus delakoa eska dezakeela atxilotuaren izenean, baldin eta horretarako ahalduna izan bada, isilbidez edo berariaz.
Praktikan, habeas corpus eskaera idazki bidez aurkezten zaio atxiloketa-lekuko guardiako epaitegiari, askatasun-gabetzea legez kontrakoa izatea justifikatzen duten gertakariak eta agintaritza arduraduna zehaztuz, eta agiri-frogak edo lekuko-frogak aurkez daitezke. Epaileak prozedura hasi eta gehienez ere 24 orduko epean eman beharko du ebazpena, eta une oro bermatu beharko du abokatu-laguntzarako eskubidea eta atxiloketa berehala jakinarazteko eskubidea.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]| Artikulu hau zuzenbideari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |
- ↑ (Gaztelaniaz) Tomás y Valiente, Francisco. (2000). La tortura judicial en España (2ª edición).. Crítica, 210-2014 or. ISBN 84-8432-029-4...
- ↑ Estatuko Aldizkari Ofiziala, 29313-29424 or..
- ↑ «IUSPLAZA - Zuzenbidearen webgunea euskaraz» www.iusplaza.com (kontsulta data: 2026-03-03).